Mundua oso zabala da eta arazoz beterik dago.

Gure Europa zahar honetan oraindik badago konpondu gabeko konflikto handia. Denok dakigu zertaz ari garen.

Bai, hori da: Pirineoen inguruan, eta Kantauri itsasotik oso gertu dugu liskar honen gunea.

Zehatzago esanen dugu. Nafarroan, Iruñeatik oso gertu, munduko lurralde osoko agintarien artean kezka sortu duen lekua dugu.

Bai, horixe. Zizur Nagusia bilakatu da, Ipar Korea eta Bagdadearekin batera, mundu osoko arretagune. Ez da gutxiagorako: han dagoen konfliktoa ez da makala eta!

Berehala asmatu duzu, irakurle maitia: Erreniaga ikastetxeko jolastokian sortu den liskarraz ari gara. Seigarren Cko ikasleak asaldaturik dabiltza. Nola ez! Haien jolasteko leku bat nahi dute. Okerrena zera da, haien tutorearengana joan direla eta honek kasurik egin ez eta horrelako kontuak umekeriak direla esan die. Umekeriak!!!

Eskerrak bakoitzak bere iritzia zabaltzea baimentzen duen lekurik geratzen direla: blog hau esate baterako. Zer gertatzen ari da gure jolastokian? Konponbiderik ba al dago? Zein?

Oharra: Idazki honetako argazkiak Google Earth programatik atera izan dira. Bide batez, honen inguruan duzuen balorazioa plazara dezakezue.